Albisteak

Gazteen
2011ko Abenduaren 20a

Gazteen alkohol kontsumoari aurre egiteko mugaz gaindiko akordioa

Gipuzkoaren eta Pirinio Atlantikoen arteko muga iparreko gazteen ohizko pasabidea izaten da, Gipuzkoako diskoteka, taberna eta jaietara joateko, leku horietako giroak eta begikotasunak erakarrita, eta haietan, substantzia psikoaktibo asko kontsumitzen dituzte, hala nola, alkohola.
 
Mugaz gaindiko gazteen ohizko jokabide horien aurrean, beharrezkoa zirudien eragiten dieten instituzio publikoen artean hitz egitea eta gogoeta bateratu bat egitea.
 
Pirinioaz gaindiko Konferentzia Atlantikoaren helburua da mugaren bi aldeetako botere publiko eskudunen elkarrizketa erraztea, mugaz gaindiko lurraldeko hiritarren onerako, eta hala, 2007an sortu zenetik, adierazi zuen lehentasunezko gaia botere publikoen lankidetza zela adikzioak prebenitzeko eta arriskuak murrizteko gaietan jarduteko.
 
Konferentziak sortu izanak markoa ezarri zuen mugaz gaindiko topaketa horietarako, eta 2009an hasi zen lan bateratua. Lan horrek oraindik ere badirau, eta bertan parte hartzen dute Pirinio Atlantikoetako Prefekturako drogen eta toxikomanien aurkako borrokarako ministerioarteko Misioko zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Droga-mendekotasuneko Zuzendaritzak eta Hendaiako, Hondarribiko, Irungo eta Oiartzungo Udalek.
 
Lehenengo erabaki bateratua izan zen azterlan bat egitea Bidasoaren bi aldeetako alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoari buruz, eta azterlan hori EHUko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak egin zuen, Baionako Bizia elkartearekin batera. Azterlanak baieztatu egin zuen Bidasoaren hegoko jaietako lekuek gazteria frantziarra erakartzen jarraitzen dutela, eta asteburuetan mugatik hurbil dauden taberna eta diskoteketara joaten direla haiek, eta alkohol eta droga gehiegi kontsumitzen dutela. Era berean, azterlanak baieztatu zuen jokabide horiek iparreko nahiz hegoko gazteek gauzatzen dituztela eta horrek arrisku garrantzitsuak sortzen dizkiela osasun-gaietan, istriputan, ordena publikoan edo legeari dagokionean. Nabarmendu zuen bereziki jendeak, gazteek nahiz helduek, daukan informazioa askotan ez dagoela ziurtasun zientifikoan oinarrituta, eta gazteek gutxi sumatzen dutela substantziak nahasteak ekar litzakeen arriskua eta ez dituztela legeak ere ezagutzen. Diagnostikoa egin ondoren, lehentasunezko 3 jarduera proposatuz amaitzen zuen azterlanak.
 

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia