Albisteak

Eurohiriak
2012ko Urtarrilaren 24a

Eurohiriak Baiona eta Donostia arteko korridore ekologikoa abian jarriko dute

Baiona-Donostiako Euskal Eurohiriko Mugaz Gaindiko agentziak ""la trama verde y azul" proiektuaren lehen fasearen lizitazioa abian jartzea erabaki du. Proiektuaren helburua Donostia eta Baiona arteko korridore ekologikoak bere horretan mantentzea eta babestea da.

Gipuzkoako Foru Aldundian egin den bilerak agentziaren bi kogerenteen lehen hartu-emana izateko balio izan du, Baionako alkatea, Jean Grenet, eta Kanpo Harremanetarako diputatua, Jon Uriguen. Hauekin batera Jean-Paul Badie eta Roke Akizu ko-zuzendariak ere bertan izan dira. Elkarren arteko harremana ona dela azpimarratu dute eta euren artean dituzten proiektu eta elkarlana sendotzen jarraitzeko nahia adierazi dute.

Legealdi honetako lehen bilera horretan, "la trama verde-azul" proiektuaren lehen fasea abian jartzea erabaki dute, Bruselatik datorren iritzia eta dirulaguntza zein den jakin aurretik ere. 2012. urtean zehar korridore ekologikoak zeintzuk diren zehaztuko dira eta mugaren bi aldetan eraikiko diren azpiegiturek korridore horiek errespetatu beharko dituzte.

Era berean, Baiona eta Donostia arteko tren garraioren inguruan elkarrekin mintegia antolatzea adostu dute eta horretarako, Kanpo Harremanetako diputatuak, Jon Uriguenek, eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko dela hitz eman du.

Eurohiriko agintariek ere, eskolarteko trukaketekin jarraitzea erabaki dute eta datozen astetan gainera, mugaren bi aldetan lan egiten duten administrazio ezberdinen konpetentziak zeintzuk diren biltzen dituen gida kaleratuko da.

 

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia