Albisteak

Gipuzkoaren
2012ko Martxoaren 6a

Gipuzkoaren eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetza akordioa berretsi dute

Georges Labazee Paueko kontseilari nagusiak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «inolako aurreiritzirik gabe» bi lurraldeen arteko «lankidetza garatzeko konpromisoa» berretsi zuten, atzo, Baionan. «Haurtxoen gida» eta kirol webgune berria aurkeztu zituzten.

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko «elkarlana garatzeko eta sakontzeko engaiamendua» berretsi zuten atzo Baionan bi erakundeotako buruek.

Berrikitan hautatutako bi agintariak ofizialki elkartzen ziren lehen aldia zen atzokoa. Georges Labazee kontseilari nagusiak adierazi zuen, 2005ean abiatutako lehen lankidetza hitzarmenaren «balantzea biziki positiboa izaki», iaz beste bost urterako berritu zela. Paueko kontseiluburu sozialistak atzo «inolako aurreiritzirik gabe» elkartu izana nabarmendu zuen, jarrera horri esker «elkarrekin gauza inportanteak egiteko» parada izango dutela gaineratuta.

Martin Garitano ahaldun nagusiak «gipuzkoarrentzat oso garrantzitsutzat» jo zuen elkarlana, «are eta gehiago, Euskal Herriko hainbat lurralde barne hartzen dituelako». Bere esanetan, atzoko bilkura mamitsua izan zen elkarlana «berregokitzeko, sendotzeko eta eraginkorragoa» egiteko, Labazeek aurkeztutako esparruetan ez ezik, «baita garapen ekonomikoan eta euskararen arloan ere».

Askotariko esparruak
Hain zuzen, dagoeneko abian dauden lan-eremuak aipatu zituen Labazeek; besteren artean, apirilean alzheimer eritasuna dutenen zaintzari buruz egingo duten «mugaz gaindiko mahai-ingurua», gizartegintzan diharduten langileen trukea garatzeko formakuntza, ikasleen arteko kirol-topaketak eta dokumentazioa artxibatu eta bilatu ahal izateko baliabide teknikoen azterketa.

Atzoko bilkuran bi ekimen aurkeztu zituzten. Batetik, gurasoei zuzendutako «Haurtxoen gida» mugaz bi aldeetako egitura sozialetan eta udaletan eskuragarri jarriko dutena.

Liburuxka euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz landua dago eta osasun, hezkuntza eta lan arloetan, Bidasoaren alde batean zein bestean bizi diren guraso berriek dituzten eskubide eta betebeharrak azaltzen ditu.

Bestetik, kirol eremuan dinamika komunak sustatzeko www.transpyresport.com webgunea sortu dute.

Erakunde, elkarte, profesionalei eta, oro har, interesa duen herritar orori, bi lurraldeetako kirol eskaintza (ekipamenduak, kluben zerrendak, formakuntza saioak, topaketak...) ezagutaraztea ahalbidetuko die. Hiru hizkuntzetan emango dute eta datozen asteetan abiatuko dute.
 

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia