Albisteak

DANTZA
2012ko Irailaren 10a

DANTZA HIRIAN 2012: Mugaz haraindiko hiri-paisaietako dantzaren 7. jaialdia

2012ko irailaren 13tik 23ra bitartean, 16 konpainia profesionalek kaleak hartuko dituzte Baiona-Donostia Euskal Eurohiriko hainbat herritan. Kanpora ateraz, dantza garaikidea ikusarazi nahi zaio jendeari, kaletik doazenek "So egin eta dantza sentitu, entzun eta ukitu!" dezaten.

Guztiz doan eskaintzen den ekimena da, eta batetik bestera dabilen proiektua denez, ikusleek aukera dute hirian barrena mugitu ahala konpainiek prestatutako koreografia ezberdinez gozatzeko. Besteak beste, dantza konpainia hauek parte hartuko dute La Intrusa (Bartzelona), Maura Morales (Kuba), Myriam Mariblanca (Bartzelona), Moving Borders (Mexiko), Ertza (Donostia), Kukai (Errenteria), Adarte (Poggibonsi-Italia), El punto, danza teatro (Sevilla)…

Jaialdirako atondutako kaleko ekintzak ez ezik, egitarauan beste hainbat jarduera dago: hezkuntza zentroei zuzendutako programa, topagune profesionalak, argazki erakusketak, QR kodeez osatutako turismo-ibilbideak eta ikasgai magistralak. Horiek guztiak urte osoan zehar egingo dira, IREKI proiektuaren bitartez.

Xede honekin sortutako garapenerako estrategia da IREKI: DANTZA HIRIAN egitasmoa garatu, hobetu eta betikotzea, sentsibilizazio plataforma bat den heinean, Baiona-Donostiako Eurohirian dantza garaikidea sor dadin bultzatzeko eta zabaltzeko. 2012ko otsailean kontuan hartu zen proiektu hau, aurreneko aldiz, Espainia-Frantzia-Andorrako Lurraldeen arteko 2007-2013 Lankidetzako Programa Eragilearen baitan (POCTEFA). Horrek esan nahi du FEDER fondo europarren laguntza jasotzen duela, % 65ekoa, hain zuzen.

"Dantza Hirian Jaialdiarekin bat eginez, irailaren 22an “Kultura-lankidetza proiektuak: mugaz bestaldekoa, europarra, nazioartekoa, sareak” gaiari buruzko mahai-ingurua antolatuko da Baionan. Mahai-inguru hau 11etatik 13ak arte ospatuko da Baionako Euskal Museoan (baieztatzeke) eta ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) batera antolutako da. Parte hartuko dutenak, besteak beste: Aizpea Goenaga, Eusko Jaurlaritzako Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria; Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultura Institutuko Zuzendaria; Yves Kordian, Biarritzeko CCN Malandain Ballet-eko Zuzendari ordezkaria; Idoia Zabaleta, Azala Kreazio Espazioko Zuzendaria, eta Teatro Paraisoko Zuzendari Pilar Lópezek moderatuko du."
 

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia