Albisteak

Dantza
2013ko Irailaren 2a

Dantza Hirian jaialdiaren 8. edizioa hastear da

Dantza Hirian Eurohirian bizi da. Arkitekturaren, dantzaren eta ikuslearen arteko une paregabe ahaztezina. Herritarrek parte hartzeko esperientzia hurbila eta denontzat eskuragarria, Eurohiriko kaleetan abentura artistiko baten inguruan gauzatua. Montpellier, Toulouse, San José (Costa Rica), Saint-Louis (Senegal), A Coruña, Münster (Alemania) eta Zaragozatik etorri diren eta gaur egungo dantzaren munduan ospe handia duten koreografo eta interprete profesionalak bisitatu gaituzte.

ATERPEAN programaren inguruan egituratuta dauden Akitania eta Euskadiko konpainiei laguntzen jarraitzen dugu, bi estreinaldirekin: Kukai konpainiaren “Gelajauziak” eta Ai Do Project konpainiaren “Retratos de la Belle Epoque”, baita IBILI programari ere; hala, bultzada berri bat ematen zaio dantzari jaialdiaren barruan gure lurraldeko 9 konpainiek osatutako programazioarekin. Halaber, beste jarduera paralelo batzuk ere izango dira; aipatzekoak dira Begiradan argazki-lehiaketa eta break dance norgehiagoka, adierazpide artistiko hiritar hau garatzen eta profesionalizatzen laguntzeko xedez sortua.

Jaialdiaren edizio hau, Donostia erre, suntsitu eta, gero, berreraiki zeneko bigarren mendeurreneko ospakizunekin lotua dago. Proposamen artistiko hauen bitartez ospakizun horietan parte hartu nahi dugu eta gure hondar-aletxoa jarri hiri hau birsortu dadin eta Eurohirira eta mundura zabaldu dadin. Gure leiho “txikia” zabaldu nahi dugu CQD – Dantzan ari diren Hirien nazioarteko sarearen bitartez, horren barruan baitago Dantza Hirian 2006az geroztik, lau kontinenteetako 42 jaialdi independenterekin batera.

Europako kultura-panoraman entzute handikoa izateaz gain, dantza-jaialdi huts bat baino gehiago da Dantza Hirian. Gaur Egungo Dantzarentzako plataforma bat da, IREKI izeneko plan estrategiko baten bitartez sendotzen dena. Plan horrek Europaren laguntza jaso du POCTEFAren bitartez, eta hori, mugaz gaindiko lurraldearen zerbitzura dagoen eta Pirinioetako Lan Komunitateak kudeatu duen programa bat da.
 

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia