Albisteak

2013.
2014ko Urtarrilaren 4a

2013. urtea jarduera askoko urtea izan da CTPrentzat, gure mugaz gaindiko lurraldeak zailtasun ekonomikoak dituen arren.

Martxan dauden proiektuen eguneroko kudeaketaz gain, azpimarratu dezakegu CTP, POCTEFA 2014-2020 programaren diseinuan eta OPCCko buru gisa egindako lanean zentratu dela. Urtearen amaieran OPCCk bere jardueraren balantzea egin zuen, mendi guneetako klimaren aldaketari buruzko nazioarteko lehenbiziko solasaldian.

CTP, POCTEFA 2014-2020 programaren idazketan eta burutzapenean ari da lanean azken hilabeteetan. Horrela, POCTEFA-ren Jarraipen Batzordeak Lurralde Diagnostiko Estrategikoa balioztatu zuen urrian, programa gauzatzeko lehenbiziko pausoa. Frantzia-Espainia-Andorra mugaz gaindiko gunearen diagnostiko horren helburua lurraldearen alde indartsuak eta ahulak zehaztea da, etorkizuneko programazio aldia prestatzeko. Diagnostikoak Ex Ante Ebaluazioa jaso zuen, eta horrek bere kalitatea eta baliozkotasuna erakutsi zituen.

2013an, POCTEFAk docuweb bat egin du, POCTEFA ikusteko modua hobetzeko eta onuradun potentzialak izan daitezkeenak sentsibilizatzeko, 2014-2020 programa prestatu ahal izateko.

Joan den abenduaren 10ean POCTEFA 2007-2013ren 3. deialdia itxi zen, eta horrek mugaz gaindiko elkarlanerako proiektuak aurkezteko azken fasea markatu zuen. Aurreko deialdietan 244 proiektu jaso ziren guztira, eta horietatik azkenean 133 programatu ziren 2007 eta 2011 urteen artean.

Aldaketa Klimatikorako Pirinioetako Behatokiak (OPCC), CTPk kudeatzen duen proiektuak, mendi guneetako klimaren aldaketari buruzko nazioarteko lehenbiziko solasaldia antolatu zuen Iruñean azaroaren 6an. Bertan 150 partaide baino gehiago bildu ziren, eta lurralde bakoitzean aurrera eramandako jardunbide onen adibideak partekatu zituzten. OPCCk, 2010etik aurrera, bere bazkide guztien bitartez, ura, basoak, arrisku naturalak, bio-aniztasuna edo tele-hautemate tresnak bezalako gaietan egindako lana eraman zuen bertara.

Aldaketa urtea

2013. urtea aldaketaz beteriko urtea izan da CTPn. Uztailean Cristina Prat Zuzendari berriak bere kargua hartu zuen, eta sei hilabete hauetan Partzuergoaren nondik norakoaz jabetzeko eta erakundearen lana hobetuko duten helburu handiak markatzeko aukera izan du.

Horrez gain, joan den azaroaren 7an, Iruñean egin zen XXXI. Osoko Kontseiluan Nafarroak lekukoa eman zionetik, Andorrak betetzen du CTPren presidentzia. Gilbert Saboya Presidente berriak, Andorrako Kanpo Arazoetako Ministro eta Mugaz Gaindiko Elkarlanerako Andorrako Erakundeko Presidenteak, baikortasunez ikusten du mugaz gaindiko lurraldearen etorkizuna, beti ere elkarlanerako politiken eta proiektuen aurrera egitearekin loturik.

2014ko erronkak

Mugaz gaindiko elkarlana bultzatzen jarraitzea eta lurraldeko biztanleak horren garrantziaz kontzientziatzea dira CTPk datorren urterako dituen helburu nagusiak. CTPk lehentasuna eman nahi die lurraldeko biztanle guztiak CTPren jarduketaren partaide bilakatzeari eta jarduketa hori eta mugaz gaindiko elkarlanaren onurak ezagutzeari. Guztion laguntza da emaitza hoberenak lortzeko eta herritarren eguneroko jarduna hobetzeko bide bakarra.

Horretarako, CTPk lanean jarraituko du, lurralde elkarlanerako Espainia-Frantzia-Andorra 2014-2020 hurrengo programaren kudeaketarako agintaritza eskuratzea lortzeko. CTP aurreko programaren kudeaketarako agintaritza izendatu zuten. Eremu horretan, CTP Europako lehen mailako eragilea da mugaz gaindiko elkarlanari dagokionez, eta europar programa bat kudeatzen duen mugaz gaindiko Europako lehenbiziko erakundea da.

Gure ametsa paregabeko esperientzia horretaz baliatzen jarraitzea da, Pirinioetako biztanleen bizimodua hobetzen laguntzeko.

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia