Albisteak

Bidasoa
2014ko Ekainaren 5a

Bidasoa ibaiaren bi aldeetako gazteek etorkizuneko Euskal Eurohiriaren inguruko gogoeta egingo dute

Akitania-Euskadi Euroeskualdeko proiektuen 2013ko deialdiaren baitan, eta Eusko Ikaskuntzak zuzenduta, Eurohiriaren Gazte Foroa izeneko ekimena jarri dute abian.

Proiektuak era askotako prestakuntza eta jarrera parte-hartzailea duten gazteak jarriko ditu mahai baten inguruan foro bat eratzeko asmoz. Handik euskal Eurohiriari buruzko diagnostikoa, erronkak eta proposamen zehatzak aterako dira. Parte-hartzaileen hautaketa-prozesua irekita dago: taldean lan egiteko gaitasuna duten 18 eta 30 urte arteko 30 gazte bilatu nahi dituzte (mugaren alde bakoitzeko hamabost).

Batzorde Zientifikoaren zuzendaritzapean, bibliografia lagungarria emango diete eta adituen konferentziak jasoko dituzte. Hori abiapuntutzat hartuta, hausnarketa- eta elkarrizketa-prozesuan zehaztuko dute pixkanaka gazteek etorkizuneko euskal Eurohiria nolakoa izatea nahi duten eta, horretarako, gai hauekin lotutako helburu eta proposamenak finkatuko dituzte: kultura, ekonomia, komunikazioa eta hezkuntza.

Mugaren bi aldeetako gazteen arteko harremanak bultzatzeaz gain, Eurohiriaren Gazte Foroa proiektuak metodologia dinamiko eta parte-hartzailean oinarrituta gizarte eta hezkuntza arloko dimentsio argia du.

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia