Albisteak

2014ko Azaroaren 17a

UPV/EHU-REN ETA BORDELEREN ARTEKO ITUNA, MUGAZ HARAINDIKO CAMPUSA OSATZEKO

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak ituna sinatuko dute azaroaren 19an, Akitania-Euskadi euro-eskualdean Nazioarteko Bikaintasun Campusa sortzeko helburuarekin.

Nazioarteko Bikaintasun Campusaren Euskampus eta IdEX proiektuen buru dira bi erakunde akademikoak, eta euren helburua da, hain zuzen, ikerketaren eta goi mailako hezkuntzaren alorrean Europako eskualdeko politikaren egiturazko elementu gisa, mugaz haraindiko campusa sustatzea.

Ituna, hain zuzen, bi unibertsitateek azaroaren 19 eta 20rako Bordelen antolatutako Sinposium baten baitakoa da. Bertan, ikertzaileak, irakasleak, doktoregoko ikasleak eta kudeatzaileak bilduko dira, elkarlanean gauzatu beharreko proiektuen garapena eta lankidetza sakon aztertzeko.

Akitaniako Bordele hiriko Garaipenaren Campusean sinatuko dute ituna, datorren asteazkenean. Bertan izango dira, hain justu, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Bordeleko Unibertsitateko errektore Manuel Tuñón de Lara.

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia