Albisteak

Lasarte-Oriatik
2010eko Irailaren 2a

Lasarte-Oriatik Baionara trenez txartel bakar batekin

Euskotreneko zerbitzu horren bitartez topoa hartu eta Hendaiarano joan daiteke eta han Frantziako SNCF konpainiaren trena hartu Baionaraino bidaiatzeko edo alderantziz. Bidaia horretan erabiltzaileak nahi adina tren hartu ditzake egunean zehar.

Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzua erabilera turistikora zuzendurik dagoen txartela da. Ez da berria, orain 10 urte da martxan jarri zutela Euskotren eta SNCF konpainien arteko Mugaz Gaindiko akordio bati esker, baina, oraindik, gutxi dira zerbitzu hori erabiltzen dutenak.

Txartelaren ezaugarririk azpimarragarriena, txarteldegitik pasa gabe bi konpainia eta herrialde ezberdinetako trenen erabiltzeko aukera izatea da.

Topoa utzi eta TGV hartu

Passsbask izeneko txartelak, gainera, turismoa egiteko ezaugarri egokiak ditu, egun bakar batean ibilbidean diren herri guztiak bisitatu baitaitezke txartel bakar batekin. Adibide gisa, Lasarte-Orian txartela erosi dezakegu, trena hartu eta lehen geldiadia Donostian egin, trenera itzuli eta Hendaia bisitatu. Ondoren, SNCFko trenean Donibane Lohitzunera hurbildu, Baionaraino joan eta Lasarte-Oriara itzuli.

Gainera, nahi izanez gero, eta elkarguneek aukera ematen badute, Hendaian abiadura handiko trena har daiteke (TGV). Euskotren eta SNCFren arteko akordioaren arabera bigarren mailako edozein tren hartu daiteke, abiadura handikoak barne. Akordiotik kanpo gelditzen den abiadura handiko tren bakarra "Paloma Bleu" izenekoa da.

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia