Albisteak

Gipuzkoa
2010eko Irailaren 9a

Gipuzkoa hobetzeko atzerrira begira: Altuning programa

Atzerrian ikasten aritu direnean ikusitako ekimen eta ideiak Gipuzkoara aplikatzeko gazteen proiektuak saritu ditu lehen aldiz Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak.

Arrakastatsua izan da Altuning Pro Gipuzkoaren lehen aldi hau, guztira 70 lan aurkeztu baitira. Birziklatzea, garraio publikoa, etorkinen integrazioa, lehiakortasuna, hezkuntza, nekazaritza ekologikoa... Proiektuek hainbat alorretan egin dituzte ekarpenak, eta hiruna mila eurorekin saritu dituzte.

«Ekimen berritzailea eta arrakastatsua» izan dela berretsi zuen Iñaki Galdos Kiroletako eta Kanpo ekintzako diputatuak atzo egindako aurkezpenean. Ideia eta ekarpenok aurrerapausoa izan daitezke, Galdosen ustez, Gipuzkoak behar dituen «lider, talentu eta perspektiba berrietan; are gehiago politikarien ospea horren kaskartua dagoenean».

Etorkinen integrazioaren ingurukoak izan dira saritutako bi proiektu: Maria Agirre donostiarrak Wiesbadenen (Alemania) egin du ikasturtea, biztanleriaren %24 etorkinak diren eskualdean, eta etorkinen inguruko egitasmo arrakastatsuenak aztertu ditu. Suedian izan da Eider Gabilondo urretxuarra, eta herrialde hartan integrazioaren eta berdintasunaren inguruan egindako lana eredugarri dela uste du berak ere. Besteak beste, suediera ikasteko etorkinentzako doaneko ikastaroak hartu ditu adibide.

Dusseldorfen (Alemania) izan da Naiara Aranburu lazkaotarra. Birziklatzean alemaniarrak aurretik dabiltzala uste du berak. Hala, banandutako zaborrontziak dituzten sukalde altzariak ikusi ditu han. Eta plastiko eta beirazko ontziak itzultzeko makina bat. Alemanian ontzi horiek ordaindu egiten dira, eta makinak dirua itzultzen du -kupoietan- ontzi hutsa uzterakoan.

Garraio publikoan Gipuzkoan asko dagoela egiteko dio Aranburuk, eta txartel bakarraren adibidea ekarri du Alemaniatik. Ez da horren inguruko kezka agertu duen saridun proiektu bakarra. Hala, Hernaniko Jon Iraolak garraio pribatuaren arrazionalizazioaren inguruko ekimenak ikusi ditu Saint-Etiennen (Frantzian), autoak partekatzea, adibidez. «Garraio pribatuaren aldeko apustua egin dute Gipuzkoan», beraz, bertan baliagarri izan daitezke ekimenok.

Pragako (Txekia) garraio publikoa goraipatu du Jon Jimenez lasartearrak, baita herrialde hartako balioak ere, esaterako, adineko pertsonekiko. Bere proiektuan, dena den, unibertsitate eta erakundeen arteko lankidetza sareak landu ditu nagusiki.

Eredu interesgarriak

Atzerriko unibertsitateetan ikusitako hezkuntza ereduak ere saritu dituzte Altuning Pro Gipuzkoan. Hala, Richmonden (AEB) ikusitako eredu bat aipatu du Donostian Ivan Larrazak, irakasleekin harreman zuzenagoa izateko modua egiten duena. Ondarroako Maria Txakartegik Finlandiako unibertsitateetan ikasleei harrera egiten dieten eta era berean ikasle diren tutore-laguntzaileen irudia azpimarratu du.

Jon Ojanguren donostiarra, berriz, AEBetan izan da, eta hango hezkuntzan sustatzen den ikasle-atleta binomioa eta haren abantailak Gipuzkoara ekartzeko modukoak direla uste du, lehiakortasuna sustatzeko. Elena Andrea Otsoa irundarrak ere lehiakortasunaren inguruko lana egin du, Frantziako lehiakortasun poloak aztertu baititu.

Oñatiko Unai Telleriak, berriz, Gipuzkoan nekazaritza ekologikoa bultzatzeko beharra ikusten du, Mexikoko nekazariek ama lurra nola zaintzen duten ikusi ondoren.

Bideoa

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia