Albisteak

Drogen
2010eko Azaroaren 10a

Drogen kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko mugaz gaindiko Programaren aurkezpena egin da

Eusko Jaurlaritzako Droga-menpekotasun Gaietako Zuzendaria Celina Peredak, eta Irun, Hondarribia eta Oiartzungo Gizarte Ongizate arloetako ordezkariek aurkeztu dute  jai-giroan droga-kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko Mugaz haraindiko programa.

Gaur monitore ikastaro bat hasi da proiektu honetan parte hartzen duten udalerrietan. "Alde batean zein bestean drogei buruzko legea zein den informatzeaz gain, kontsumitzen diren substantziei buruz eta horrek dakarren arriskuei buruz hitz egingo da", adierazi du Celina Peredak.

Gazte frantziar ugari dira Gipuzkoa eta Atlantiar Pirinioetako muga zeharkatzen dutenak diskoteka, taberna eta Gipuzkoako jaietara etortzeko, eta nabarmena da, bestalde, jai giroan, mugako bi aldeetako gazteek droga kontsumitzen dutela; hori dela eta, 2008an Pirinioz Gaindiko Biltzarrak, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak eta Irungo Udalak abian jarri zuten elkarrekin "Jai giroan droga-kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko Mugaz haraindiko" programa hau.

Proiektu honen lehen fasean, 2009an, azterketa kualitatibo bat mugako alde bietan egin zen 18-30 urte bitarteko gazteei egindako elkarrizketa sakonetan oinarrituta. Azterlanaren ondorioz argi geratu zen beharrezkoa zela funtsezko ekintza batzuk egitea eta, programa hitzartu zutenek 2010ean ezartzea erabaki zuten.

Modu honetan, Eusko Jaurlaritzako Droga-menpekotasun Gaietako Zuzendaritzak arazoari mugaz haraindiko ikuspegiaz begiratu behar zitzaiola bazekien eta udaletxeek udalerrietan egingo duten lana babestuko du. Eusko Jaurlaritzak finantziatzen duen proiektu honen aurrekontua 40.000 eurotakoa da, eta mota guztietako ekintzak egiteko erabiliko da.

Irungo Udalaz gain, Hendaia, Hondarribia eta Oiartzungo Udalak ere bat egin dute proiektuarekin bigarren fase honetan, non programaren barruan zenbait ekintza aurkitzen diren. Haien artean, monitoreek egingo duten lana aurkitzen da: gaur hasiko den eta abenduan bukatuko den ikastaro bat egingo dute eta droga kontsumoarekin loturiko arriskuen gaian prestatuko dira. Horrez gain, proiektuaren barruan ostalaritzan banatzeko 18 urtetik gorako gazteei informazioa emateko materialak diseinatu eta egingo dira. Gainera, web orri bat eratuko da arrisku-murrizketaren inguruko informazioarekin.
Materialen diseinua eta web orria, Peredak adierazi duenez, urte amaierarako martxan egongo dira.

Itzuli

© 2009 | Gipuzkoako Foru Aldundia – Kanpo Harremanetako eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia